Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bidezko zerga politika baten alde

Bidezko zerga politika baten alde

2013/04/04
Azterketak 27: Bidezko zerga politika baten alde / Fiskaltasuna gure gizarte-ereduaren oinarrizko osagaia da. Funtsezko garrantzia du, hark eragiten baitu zenbat diru biltzen duten administrazioek zerga bidez, nola biltzen duten, bai eta administrazioen gastu maila ere.

Azterketak 27: Bidezko zerga politika baten alde liburuxkako sarrera

Zergen inguruko eztabaida bereziki garrantzitsua da krisiak gogor jo duen honetan. Erakunde ofizialak etengabe ari dira murrizketak egiten, krisiaren ondorioz dirurik ez dagoela argudiatuta. Horra hor diskurtso nagusia, eta ez du ez erantzunik ez protestarik onartzen. Guk, ordea, jakin badakigu egia erlatiboa dela, eta gure egia ezagutu nahi dugu. Horrexegatik egin dizkiogu galdera hauek gure buruari: egia al da diru-sarrerarik eza krisiari zor zaiola? Zer neurritan eragin die abagune ekonomikoak murrizketei? Zer egoera dute Europan?

Aldaketa bestelako zerga-sistema batek lagunduta baizik ez da etorriko

Txosten honen bidez, eztabaida mediatikotik kanpo dauden galdera horiei eta beste batzuei erantzuten saiatuko gara. Proposamena eta mobilizazioa, horra hor zer planteatzen dugun gizartean aldaketa eragiteko, eta aldaketa bestelako zerga-sistema batek lagunduta baizik ez da etorriko. Egungo sistema sustatzen duten interesak kontra izango ditugu, ez da bide samurra izango, eta borroka luzea bezain gogorra izango da. Itxaropena badago, ordea. Gure zerga-sistema ezagutzeak behar adina argudio jarriko digu eskura, ibilbidean aurrera egiteko.

Txosten honek bidean aurrerapausoak ematen laguntzeko tresna izan nahi du. Txostenak nagusiki erakutsi nahi du badela aldaketarako tartea, bestelako zerga-sistema bat osa daitekeela, eta beste leku batzuetan bestelako errealitateak daudela, eta hori ere hemen egin daiteke. Beste behin ere, borondate politikoa behar da; hori besterik ez.

Guztia irakurri