Xabier Anza, ELAko prestakuntza arduraduna
Sarri izaten ditut gai honi buruzko eztabaidak militante sindikalekin; hauek hartzen dute beren gain borroka sozial, politiko eta sindikaleko eginkizunik zailena: lantokietan asanbleak deitzea; argudioak prestatzea; jendaurrean hitz egitea, norbere -ustezko- mugak gorabehera; lankideen gogoa mugiarazten saiatzea; jendea mobilizazioetara joan dadin konprometitzea... Militante horiekin eztabaida zaila da, izan ere, beren zalantza, galdera eta konbikzioak konpromisoz bustitako praxian sortzen baitira. Hartueman honek ikusarazi dizkidan ondorioak azalduko ditut, bada.
Nire iritzian, greba orokor bat aurrera ateratzen saiatzen direnek badakite errealitatea ez dela bapatean aldatzen; badakite gaitza dela egun bakarreko borrokaren poderioz gobernu bati atzera egin araztea. Haatik, militanteok uste dute greba egun bat berebiziko garrantzia duen unea dela borroken bilakaeran. Grebak eta erreibindikazio ekintzek nortasun kolektibo bat itxuratzen dute, “gu” bat, “haiek” bati kontrajartzen zaiona; kontrakotasun hau gabe ezin izango da beste agertokirik iritsi. Beraz, greba prozesu baten baitan ikusten dute, ez ultimatum edo hordago gisa. Eta badakite gure lorpen guztiak mobilizazioaren eta grebaren emaitza izan direla.
ELAko eta LABeko militanteak, gainerako sindikatu eta mugimendu sozialetakoekin batera, 3.000tik gora asanblea egitekotan dira, lankide eta herritarren borondatea mugitzeko asmoz
Greba orokorrarekin konprometituta daudenek ez dute epe laburreko kostu-etekinen kalkulurik egiten. Noski, greba egun bat garesti gerta liteke soldata miserable bat duenarentzat; litekeena da iriztea greba deitzeko motiboak ez didala niri zuzenean eragiten. Grebalariaren kalkuluak, ordea, ez du zerikusirik horrekin: bere ustez, inor ez da ondo biziko jende asko eta asko txirotuta dagoenean. Horregatik, greba orokorra egiten dutenek politikan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen dute, eta uste dute zilegi zaiela, beste edozein ustezko adituri bezala, gizarteari komeni zaiona erabakitzea. Gainera, gizartearentzako irudikatzen duten alternatiban guztientzako lekua dago... Greba orokorrarekin grebalariek politika beren esku hartzen dute, ozen eta argi esateko “besteek” diotena egia bada -hots, “ez dagoela alternatibarik”-, ez daukatela zentzurik gobernu aldaketek, alderdiek, ezta demokraziak ere.
Greba orokorra egitea erabakitzen dutenak ez daude beren buruari begira. Mendez mende beste jende batekiko elkartasunak piztu izan ditu grebak, nazioen barnean zein mugaz gaindi. Greba orokorrarekin lagundu egiten ditugu beren duintasunaren alde borrokan dauden guztiak. Greba egiten duenak badaki zer den goizero barrikadan egotearen beldurra, zalantza, nekea... Greba orokorrarekin, horrenbestez, mezu indartsu bat ematen da: “zuek, egunero borrokatzen zaretenok, arrazoia daukazue, eta gizarte honetako kiderik hoberenak zarete”. Greba orokorrak horrela aurre egin nahi dio ugazabak erabaki ditzakeen zigorrek eragindako beldurrari. Greba orokorrean isilarazi dituztenek, lan munduan beldurrez bizi direnek protesta egin dezakete pairatzen duten menpekotasuna, dependentzia eta esplotazioa salatzeko. Halaber, greba egunez enplegua dutenek deiadar egiten dute enpresetan bakerik ez dela izango guztiek lana izan arte, euren eta etxekoen bizimodua bermatu arte.
Greba orokorrerako konpromisoa hartzen dutenek klase xeheen egoera bizitza sozialaren erdigunean kokatzen dute
Greba orokorrerako konpromisoa hartzen dutenek klase xeheen egoera bizitza sozialaren erdigunean kokatzen dute. Egun batez bereganatu egiten dute komunikabideek gizartearen agenda baldintzatzeko duten boterea, eta deiadar egiten dute: errealitaterik larrienei lehentasuna eman behar zaie; gizarteko debatearen erdi-erdian guztientzako enplegu duina egon behar da, ez bankuen arazoak. Greba orokorrarekin orain eta hemen bideragarri diren alternatibak aldarrikatzen dira, gizarte zuzenagoa eta lan duinagoa lortu eta aberastasuna hobeto banatzeko.
Greba orokorraren alde eginez, alde batera “gu” gaude, eta bestera “haiek”, egoera honen arduradunak. Honela gogora arazten dugu gertatzen zaiguna ez dela halabeharra. Gauzak bestelakoak izan daitezkeela, eta izan behar direla.
Greba orokorra, bestalde, garaiotan desobedientzia ariketa bat da. Gaur greba egitea ez da borroka tresna konbentzionala, mendebaldeko legeetan babestuta egon arren ez baita benetako askatasuna, langile-klasearen zatirik handiena mehatxupean dagoenean: langabezia, prekarietatea, kaleratzeak...
Datorren maiatzaren 30ean, milaka langilek agintari eta patroiei gogora araziko diete mundua geuk egiten dugula
Greba orokorra egiten dutenek kontzientziazioari dagokionez urrats erabakigarria egiten dute. Greba deitzea, arestian esan dudanez, hainbat lan hartzea da: prestakuntza eta argudioak eman, mobilizatu, jendea erakarri. ELAko eta LABeko militanteak, gainerako sindikatu eta mugimendu sozialetakoekin batera, 3.000tik gora asanblea egitekotan dira, lankide eta herritarren borondatea mugitzeko asmoz. Ez dago hau baino formazio politiko-sozial jarduera aberats eta handiagorik.
Amaitzeko, gogoeta bat: duela zenbait urte lehendakari batek enpresario talde hautatu baten belarriak gozatzeko bota zuen “zuek zarete herri honetako BPGaren %90a”. Datorren maiatzaren 30ean, milaka langilek agintari eta patroiei gogora araziko diete mundua geuk egiten dugula; garbitu, irakatsi, zaindu, sendatu, zerbitzatu, eraldatu, eraiki, saldu, banatu, garraiatu... Aberastasuna askoren lanetik dator, eta lan nahikoa badagoenez, enplegua ere guztientzako adina behar dugu.
Gora greba orokorra!!
]]>Supermerkatuan ostutako janaria behar zutenei banatzea erabaki zuten SATeko kideek Supermerkatuan ostutako oinarrizko elikagaiak beharra zutenen artean banatzean sistema kapitalista ankerraren aurpegia erakutsi ziguten. Gazteak kartzelaratzea kostako zitzaiela irmoki esan eta herri harresiaren lehen harria jarri genuen Donostian. Borrokak ez duela ezertarako balio esaten digute behin eta berriz geldirik nahi gaituztenak. Gu zapaltzen jarraitzeko geldirik nahi gaituztenak. Baina gure borreroek sumiso nahi bagaituzte ez al da mugitzea zentzuzkoena? Keinu batekin hasten da dena.
Baina gure borreroek sumiso nahi bagaituzte ez al da mugitzea zentzuzkoena? Keinu batekin hasten da dena.
Diskurtso bera dute krisia aitzakiatzat hartu eta egunez egun geroz eta bizimodu miserable eta prekarioago batera kondenatzen gaituztenak. Etorkizunik gabeko gazteria garela entzuten dugu gau eta egun. Hedabideetan hala diote. gurasoek ere horixe esaten digute. Baina nola? Gure oraina prekarizatu eta geroa suntsitzen ari dira, eta onartu egin behar dugu? Estatu espainiarrarentzako zein EAJ eta UPNrentzako eskulan merkea baino ez gara. Enpresak diruz laguntzen dituzte gazteak aldi batez, soldata miserableen truke kontratatzeagatik. Hori da guretzako duten eskaintza bakarra. Gure mesedetan egiten omen dute. Baina halako neurriek enpresariak zerrien pare loditzen jarraitzea dute helburu. Argi dago agintari politikoek ez dutela aldaketarako borondate eta asmorik. Geroz eta kapitalismo basatiagoa ezartzea da euren lan orrietan duten bakarra. Gainera, EAJ eta UPNren hautuek ere Estatuaren neurri neoliberalekin hondoratzera kondenatu dute Euskal Herria. Herri gisa gure eredu propioa erabakitzeko eskumenaren alde lan egin beharrean, Estatu Espainiarraren morrontza kokatu gaituzte negozioa eta boterearen truke. Eta hori hala, herritarrak gara aldaketarako giltza. Guk egin ezean, bestelako eredu baten alde borrokatu ezean honek okerrera baino ez du egingo; Pribatizazioa areagotu, prekarietatea geroz eta sektore zabalagoetara hedatu eta soberan dutenen eta beharra dutenen arteko aldea gero eta nabarmenago handitu. Horixe da eskaintza. Hezkuntza, osasuna, etxebizitza... luxu bilakatzen ari dira, sendi eta norbere etorkizuna ere luxu bihurtuko dutelarik.
Herritarrak gara aldaketarako giltza. Guk egin ezean, bestelako eredu baten alde borrokatu ezean honek okerrera baino ez du egingo
Egoera erasokor honetan, miseriaren sinonimo izan aurrez, gure oraina eta geroaren gaineko erabakiak hartu behar ditugu. Geurea den heinean, geure esku dago zein norabide hartzea nahi dugun. Herri eta gazte gisa erabaki eta eraiki behar dugu. Exijitu ditzagun dagozkigun eskubide eta eskumenak:
- Lan ordu gutxiago guztiok lan egin ahal izateko.
- Prekaritateari, lanaren ondoriozko gaixotasunei eta lan istripuei amaiera emango dieten kalitatezko enpleguak sortu.
- Zerbitzu publikoak sustatu enplegua sortze bidean.
- Soldatak hobetu bizi baldintza duinak izateko.
- Pertsona guztiok lan baldintza berdinak izatea: adin, arraza, genero, ezintasun, nazionalitate edota joera sexualean oinarritutako diskriminazioarekin amaituz.
- Jubilatzeko adina aurreratu, lan postua berriak sortzeko.
- Laguntza sozial duinak izatea langabezi eta pobreziari aurre egiteko.
- Esparru orotan pertsona guztien eskubide sozialak bermatuko dituen sistema publikoa ezarri: etxebizitza politikan, osasunean, hezkuntzan, babes sozial, gizarte zerbitzu, kulturan eta abarretan finantzazio publikoa handituz.
- Etxebizitza eskubidea bermatu pertsona orori: horretarako, alokairuzko etxebizitzen sare publiko bat sortu eta etxe hutsen berrerabilpena lehenetsi. Alokairu pribatuak dirauen artean, ezinbestekoa da prezio muga bat jartzea alokairu horiei.
- Lan erreproduktiboaren balio soziala aitortu eta lan produktiboak bezain besteko eskubideak izan.
- Lan publiko zein pribatuaren banaketa parekidea.
- Aberastasunaren banaketa orekatua izatera bidean politika fiskala aldatzea; hala, bakoitzaren ondasun eta diru sarreren araberako zergak ordainduz eta asko duenak gutxiago duenak baino gehiago emanez.
- Herritarren parte hartzea sustatu eta bermatu arlo ekonomiko eta sozialean.
- Ingurumena errespetatu eta zainduko duen garapen sozioekonomikoa sustatu.
- Elikadura osasuntsu eta jasangarri bat izatera bidean, elikadura subiraultza sustatu.
Noren esku utziko dugu eraikuntza? Miseriarantz garamatzatenen esku ala gutako bakoitzaren esku?
Maiatzaren lehena igaro da eta hile amaieran sindikatu eta eragile sozialek deitutako Greba Orokorraren txanda izango da. Baina gure ahaleginak egun huts horietara soilik bideratzen baditugu, alferrik gabiltza. Maiatzaren 2an ere 1ean bezain beste dugu eraikitzeko. Borroka alferrikakoa dela diotenei, borroka alferrikakoa dela (sin)etsita bizi direnei, nahasiak daudela erakutsiko diegu. Elkarrekin antolatuz, eskuz esku borrokatuz, erabakiak determinazioz hartu eta garatuz, aldaketari ekingo diogu. Gauzak ez dira diren moduak izatez, bizi eredua eraiki egiten da. Noren esku utziko dugu eraikuntza? Miseriarantz garamatzatenen esku ala gutako bakoitzaren esku? Izan gaitezen osotasunean geure bizitzen jabe.
]]>Mundua eraiki baitaiteke zapalkuntzaz, esplotazioz eta bortxaz. Baina mundua eraiki daiteke, ere, gogoz, motibazioz eta bokazioz.
Mundua eraiki daiteke gutxi batzuentzat, baina baita guztiontzat ere.
Mundua eraiki daiteke bulego batean bost pertsonek erabakitzen duten norabidean, baina erabaki dezakegu ere guztion artean nolako mundua nahi dugun.
Eraiki daiteke mundua mozkinak handitzeko asmoz, edo dauzkagun beharrak asetzeko asmoz.
Eraiki daiteke mundua lan ugari ikusezin eginez, edo eraiki daiteke nahi dugun mundu horretarako behar diren lan guztiak kontuan hartuz eta guztion artean banatuz.
Eraiki daiteke mundua xahutzeko infinitu mundu izango bagenitu bezala, edo mundu bakarra dugula kontuan hartuz.
Bai, gu ari gara eraikitzen bizi gaituen mundu hau. Gaitasuna daukagu nahi dugun eta beharrezko dugun mundu hori eraikitzeko. Gaur geure gaitasun hori ospatuko dugu, eta nahi dugun beste mundu hori lortzeko geure indarra ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu. Ahal dugulako borrokatu behar dugu. Maiatzaren lehena maiatzaren hogeita hamarrera begira.
]]>
Adolfo Muñoz "Txiki", ELAko Idazkari Nagusia
ELAko afiliazioa, bizi dugun abagune gogor honetan, harro dago inolako alderdi politikoren tresna alderdikoi ez den sindikatu baten parte izateaz. Eduki politikoen arabera, eta horretaz hitz egin behar da, gerturatzen da ELA politikara.
Guk politiken aldaketa bilatzen dugu, ez gobernuak botatzea
Mobilizatzen den jendearen arazoa ez da gobernu bat botatzea. Jendearen arazoa da, gobernuan sartzen den hurrengoak politika berberak egiten dituela. Ezartzen zaizkigun politikak ez dira aldatzen. Gobernuan dagoena dagoela, mobilizazioa beste biderik ez da. Geurea da ardura klase politikoak jarrera aldatu eta kapitalari esan diezaion “ez dut zure agenda beteko”.
Guk politiken aldaketa bilatzen dugu, ez gobernuak botatzea. Politika aldarrikatzea exijitzen dugu. Diktadura ekonomiko batean bizi gara. Politikak irabazten ez badu totalitarismoa datorkigu, eta guk politika nahi dugu.
Maiatzaren lehenaren bezperan, Lehendakariari esan nahi diogu lasai egoteko, ez dugulako inolako arazorik PNVko edo Sortuko edo beste edozein alderdiko gure afiliatuekin
Zein babesekin eskatzen ditugu aldaketa hauek? Prekarietatearen, pobreziaren, desberdintasunen aurrean mutu gelditzen ez diren horien babesarekin. Kapitalak sokatik gogor tiratzen badu politikaren babesarekin eta guk, gizarte eragile eta sindikatuok, beste aldera begiratzen badugu, guztia kenduko digute. Dauzkagun eskubideak, gure aurretik, jende askok egindako borrokaren ondorio dira. Eskubideok mantendu nahi baditugu borroka egin beharko dugu; are gehiago eskubideak birkonkistatu nahi izanez gero. Zentzu horretan, maiatzaren lehenaren bezperan, Lehendakariari esan nahi diogu lasai egoteko, ez dugulako inolako arazorik PNVko edo Sortuko edo beste edozein alderdiko gure afiliatuekin. Guk uste dugu ELAn afiliatzen den jendeak, datorren alderditik datorrela, ez duela nahi sindikatua inolako alderdik instrumentalizatzea. Eta ELAn dabilen jendeak, gaur, abagune gogor honetan, mugitzeko eskatzen digu, nozitzen dugun argazki gogor hau eraisten saiatzeko.
Patronala jabetu da daukan egoera pribilegiatuaz. Non dago akordiorako tartea, lan erreformak eman dion pribilegioez jakitun, negoziazio kolektibora eskubideak eraistera doan patronalarekin? Non? Guk, behintzat, akordio handietan ez dugu ikusten, lanbide arteko akordioan kasu, halako akordioak ez baitu patronala inolaz ere lotzen. Arazoa ez da hitz egitea. Guk hitz egin dugu patronalarekin. Kontua da gauzak desberdin ikusten ditugula.
Lanaldiak luzatzen baditugu eta gutxiago kobratu askoz jende gutxiagok egingo du lan, eta oso larria da hori. Guk galdu nahi ez dugun eskaera historikoari eusten diogu: lana banatu egin behar dugu.
Gure erronka da jendea konturatzea soldatak murriztuz eta lanaldiak luzatuz jende gutxiagok egingo duela lan, produktibitatea deitzen duten hori, ekoizten dena zati langile kopurua baita. Lanaldiak luzatzen baditugu eta gutxiago kobratu askoz jende gutxiagok egingo du lan, eta oso larria da hori. Guk galdu nahi ez dugun eskaera historikoari eusten diogu: lana banatu egin behar dugu.
Patronalaren aliatua nagusia beldurra da. Beldurra oso sentimendu gizatiarra da eta sindikatuak kontuan izan behar du, hori da gure ahultasuna. Horregatik da inoiz baino beharrezkoagoa babes kolektiboa. Ez badugu babes kolektiboa antolatzen, ez badugu jendea bere lan zentroetan antolatzea lortzen, ahaltsuen bazka indibiduala bilakatuko gara. Lan zuzenbide osoa hankaz gora jarri dute.
Beldurra oso sentimendu gizatiarra da eta sindikatuak kontuan izan behar du, hori da gure ahultasuna. Horregatik da inoiz baino beharrezkoagoa babes kolektiboa.
Nik lan zuzenbidea ikasten nuenean, esan ohi zen bi parte zeudela, bata ahula eta beste indartsua, eta ahula babestu behar zela. Ez dakit ikasgai osoa kenduko duten, edo zati hori soilik. Enpresa bertatik antolatzen hasteko gai gara edo sindikalismoa, etorkizunean, hutsala izango da, eta hori da bilatzen dutena. Sindikatuak ez badaude enpresetan, enpresariek lan baldintzak unilateralki erabakiko dituzte, sektoreek ez baitute gutxienekoa ziurtatzen jada. Iruditzen zaigu merezi duela, mundu prekarizatu honetan, mugimendu sindikalean sinisten jarraitzeak eta zintzotasun osoz langileak antolatzen saiatzeak.
Hau erronka bat da politiken aldaketa eragiteko mobilizatzeko beharra ikusten dugunon eta beste aldera begiratzen dutenen artean. Baina hori beti izan da horrela, eta halaxe izaten jarraituko du. Botere ekonomiko eta politikoak aldaketaren aukera burutik kendu nahi digute. Guk aurre egiten diogu horri, hori onartzea demokrazia bera ukatzea baita.
]]>¿Me concedería algo de lo que le pido? Dani Gómez
Esperientziak partekatuz:
Newark San Andrés: Hemen erreforma ez dago indarrean
Parking Ensanche: Zulotik ateratzeko 25 egun greban
Cárcar muinotik: “Sindikalismoa aldapa gora”
Guardian Laudio: Eskubideak bermatu kolektiboa indartuz
Bizkaiko gasolindegiak: Lan erreformari aurre egiteko eredu
Punt Roma: Nola lortu enpresa hitzarmen ona?
Zer du Gipuzkoako paperak besteek ez dutena?
Asimec: De convenios, género y vaselina
Tubos reunidos: Cuando las asambleas empujan al comité
Sindikaliza gaitezen:
Antolakuntzarik gabe bermerik ez, Joseba Villarreal
]]>
Dani Gómez, Manu Robles-Arangiz Institutuko zuzendariaNegoziazioa ez da soilik borondate oneko ekintza edo mahai baten inguruan egindako bilera sorta, non argudio dotoreak lantzen diren beste aldea erakartzeko asmoz. Negoziazioa ez da eskatzea, baizik eta antolatzea sortzen den aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzearren. Ezin da negoziaziora joan esanez “egun on, eskatzen dugun zerbait emango diguzun galdetzera gentozen...”. Ez enpresan, ez sektorean, ez beste edozein mailatan. Zergatik emango digu ezer patronalak hartara ezerk behartzen ez badu eta mozkinak pilatzeko metatu badezake? “Elkarrizketa sozial” honek ez du balio.
Eredu ekonomiko honetan, zeinetan pertsonek ekoizpenaren edo kontsumoaren bidez beste batzuen emaitza kontuak puzten ditugun heinean baizik ez dugun inporta, negoziazio kolektiboa demokrazia enpresetara gerturatzeko ariketa bat da, pertsonak erabili eta botatzeko gauzak ez garela gogorarazten duena.
Guztietan taldearen indarra helburuak eta erabakiak partekatzetik etorri da. Antolatuak egotetik, sindikatuarekin kontatzetik. Gatazka iritzi publikoari jakin araztetik, sare sozialak erabiltzetik...
Hori onartzeko erresistentziak ugariak dira, eta patronalaren armak boteretsuak. Azken lan erreformak arma horiek are gehiago indartu ditu, baldintzak inposatzeko aukera zabalagoak emanez eta, baita, adostutako hitzarmenak atzera botatzeko ere. Hitzarmenaren edukiak desagertuko dira urte betean sinatzen ez badira (ultraaktibitatea); adostutakoa ez betetzeko bidea zabaltzen da (deskuelgea) arrazoiak apenas eman behar izanik gabe; lan baldintzen aldaketa nabarmenak egiteko askatasun osoa ematen zaio patronalari (lanaldia, ordutegiak, mugikortasuna).
Benetako negoziazioa egon dadin indar harreman jakin bat behar da. Arerioa presionatuko duen mekanismo bat bere nahiak aldatzeko. Patronalak beldurrarekin eta gure enpleguaren ziurgabetasunarekin jokatzen du mehatxatzeko. Gurk lan harremanean indarra dugu baldin eta gai bagara patronalari postura aldaraziko dion gatazka eragiteko. Sektoreko negoziazioaren hutsuneak zenbait patroiengan bertigoa eragingo du, gatazkak beren enpresan bertan jasan beharko dituztelako. Horra hor gure aukera indar harremanetan irabazteko.
Ezkortasun eta etsipenaren aurrean, badira bidea seinalatzen diguten esperientziak: elkarrekin indartsuagoak gara. Negoziazioa antolakuntza da. Argitalpen honetako bederatzi adibideek argi erakusten dute. Kasu batzuetan garaipena kaleratze mehatxuen ondoren dator, beste batzuetan ez da gatazkara ere iritsi enpresariak bai-baitzekien sortzeko gaitasuna bagenuela. Guztietan taldearen indarra helburuak eta erabakiak partekatzetik etorri da. Antolatuak egotetik, sindikatuarekin kontatzetik. Gatazka iritzi publikoari jakin araztetik, sare sozialak erabiltzetik...
Lan erreformak gauzak zailagoak jartzen dizkigu, baina aurre egin diezaiokegu. Mobilizazioa, greba orokorra barne, bide bat da beste lan harreman eta gizarte eredu baten alde. Borroka partziala, enpresaz enpresa, edo sektorekoa baldintzen arabera, bide bera ibiltzeko modu osagarria da. Ahal da, jakina ahal dela!]]>
ELAren Azterketa Bulegoko 19. buletineko proposamena
“Corralito” garaian, 2001an berriz ere martxan jarri ziren. Peronistak ziren gazte taldeek presidentea zen Fernando de la Ruaren - “Fernando de la deuda” deitzen zuten- eta bere gobernua zalatzen zuten herria hondamen ekonomikora erametagatik. Estatu Batuetan ere, Vicenc Navarrok aipatu bezala, politikari eta bankarien etxeen aurrean escracheak antolatzea ohikoa da.
Estatu Espainiarrean, Hipotekengantik kaltetuak direnen eta Stop Desahucios plataformek ekimen berdina martxan jarri dute, escrache hitza inoiz baino entzunagoa izanik. Orainarte ospatutakoak, Euskal Herrian baita, alderdi politikoen egoitzetan edo politikarien etxebizitzen aurrean antolatutako kontzentrazio baketsuak izan dira. Gutxi behar izan da agintari eta politikariek mugimenduaren aurkako neurri errrepresibo eta bestelako xedeak bilatzen dituzten berbaldiak erabiltzeko, antolatzaile eta parte hartzaileei kriminalizatzeko asmo hutsarekin. Horrela ere, salaketaz, pobreziaz, etxegabetzeetaz, eta horien erantzunle eta konponbideei buruz ez hitzegiteko intentzioa argia delarik.
Izan gaitezen denok arduradun, politikari jaunak. Agintea erantzunkizuna da, nahiz eta batzuten deserosoa izan. Norbera entzuteaz aparte, entzun herriari, askatasun adierazpen errespetatu, krispazioa sortu eta konpetentziak haratago eraman gabe.
Jendea asko sufritzen ari da, eta orain inoiz baino gehiago arrazoiak, indarrak eta salaketarako gogoak ditu. Ekintza xume batek asko haserretu ditu batzuk
Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak horrela adierazi du, plataformek Eusko Jaurlaritzak escracheak 300 metrotara egitearen erabakiaren aurka jarriko errekurtsoaren erabakian, “ perimetro bat ezartzea neurriak gainditzea da” eta “ biltzeko eskubidea ezin daiteke mugatu erabaki administratiboak diela medio”. Ardura publiko bat dutenek, presente izan behar dute, beraien erabakiak despatsuetatik at eraginak dituztela. Beraien egiteen ondorioak onerako zein txarrerako onartu behar dituzte. Ez dezagun ahaztu, indarkeriarik gabeko ekintzak baino ez dira.
Intimitate eskubidea elkartaratzeko eskubidea mugatzeko aitzaki moduan erabili da. Etxebizitza pribatu baten aurrean elkartaratze bat “jasatzea” baino askoz larriagoa eta intimitateari gehiago erasotzen dio famili bati etxegabetzea, umeekin bada are gehiago. Mugimendu honen aurka kexu direnak, ez daude betere arduratuak etxegabetzeak ekiditzeko neurririk ez hartzearekin. A ze nolako hipokrisia!
Jendea asko sufritzen ari da, eta orain inoiz baino gehiago arrazoiak, indarrak eta salaketarako gogoak ditu. Ekintza xume batek asko haserretu ditu batzuk. Galdetu diezaioten beraien buruei zergatik, norberak jasan dezala bere ekintzen ondorioen pisua, beraiena jendeari eragiten dioten kaltearekin alderatuta ez da ezer eta.
]]>Baina akordioa sinatu egin zen, eta lan eta gizarte eskubideen murrizketa sakona martxan jartzeko neurri sorta bat bildu zuen, etorkizunean mailegu bat jasotzeko itxaropen baten truke. Hauek ziren neurrietariko batzuk: pentsio eta sektore publikoan soldata murrizketak (%12,5ra artekoak), pentsio eta sektore publikoan soldatak gutxienez 2017rarte ez handitzeko konpromisoa, pentsioak murrizteko hainbat neurri (adibidez 2018tik aurrera egonkortasuneko faktorea aplikatzeko), enplegu-murrizketa sakonak sektore publikoan, e.a. Eta gainera, maileguko diruaren etorrera geroagorako uzten zen.
Argi dago Memorandum hartan jasotako neurriek ez zutela Txipreko arazo nagusien arrazoien aurkako neurririk jasotzen (arazo hauek bertako finantza-sistemarekin lotura zuten). Txipreko banku sektorearen tamaina ekonomiaren tamainaren arabera izan beharko zena baino askoz handiagoa zen, eta hala da gaur egun ere. Europar Batasunaren barruan paradisu fiskal gisa funtzionatu duelako Txiprek gertatu da hau neurri handi batean, eta, ondorioz, zergak ez ordaintzeko helburuarekin, kapital asko erakarri duelako.
Europar Batasunaren barruan paradisu fiskal gisa funtzionatu duelako Txiprek gertatu da hau neurri handi batean, eta, ondorioz, zergak ez ordaintzeko helburuarekin, kapital asko erakarri duelako.
Beste alde batetik, Txipreko finantza-erakunde nagusien kudeaketa oso txarra izan da. Hala utzi du agerian Txipreko Unibertsitate Teknologikoko ikertzaile berezi eta Zorra Ikuskatzeko Komiteko Txipreko Iniziatibako kide Petros Kosmasek: Txipreko bankuek bere zuzendari eta akziodunei bermerik gabe ehunka milioi euroko maileguak eman zizkieten, Grezian emandako kita aurretik bono toxikoak erosi zituztenean espekulatu eta galdu egin zuten (adibidez, Deutsche Banki kopuru esanguratsuak erosi zizkioten, Alemaniako banku honek edozein eragileri bono haiek saltzearren %5eko komisioa eskaintzen zionean. Eragiketa honekin bitartekaritza entitate batek 100 milioi euro lortu zituen).2013ko martxoan Txipreko bankak porrot egin duenean, bertako gobernuak diru publiko asko esleitu du hau erreskatatzeko. 17.500 milioi euro bideratu nahi dira horretara, Txipreko BPGd-aren %100a (Txipreko BPGd-a Gipuzkoakoa baino baxuagoa da, hau da, 22.000 milioi euro baino txikiagoa).
Lehenengo galdetu beharrekoa zera da: arduragabekoa eta espekulatzailea den, eta zergak ez ordaintzeko kapitala erakartzean oinarrituriko banka salbatzeko, diru publikoa erabili behar da? Erantzuna argia da: ez.Nondik aterako dira bankari emango zaizkion 17.500 milioi euroak? Txipreko gobernuari 10.000 milioi eurotako mailegua (BPGd-aren %60a) eman ahal izateko akordiora heldu zen euro-taldea joan den apirilaren 12an. Mailegu hau (interesekin itzuli beharko dena) Troikarekin Memorandum berri bat sinatzera baldintzatua dago, eta honen edukia komunikabideetara filtratu da. Neurrien artean hauek daude: urte amaiera baino lehen pentsio erreforma berri bat, osasun publikoan murrizketa gogorrak (kopagoa, hainbat zerbitzutan eta tratamendutan tasa altuagoak, mediku-probetan murrizketak, ospitale publikoetan murrizketak, eta abar), sektore publikoko lan baldintza eta soldata ordainketa ereduak aldatzeko konpromisoa (langabezia-prestazioa barne), soldata indexazio mekanismoak aldatu, egoera ekonomikoa txarra bada lanbide-arteko gutxieneko soldata murriztu, etab.
Jarraitu beharreko bideak hauek dira: europar politikak (Troikarenak) errotik aldatu, eta zorraren herritarren auditoria prozesu baten ondoren, zor publiko bidegabearen ordainketa zalantzan jarri.
Beraz, lan eta gizarte-eskubide murrizketa neurri berriak datoz, defizita eta zor publikoa murrizteko beharrizanarekin argudiatzen direnak, hauek handitu egiten baitira bankari dirua emateko.
100.000 euro baino gehiagoko gordailuak dituztenei zerga altuak ordainaraztetik dator beste dirua. Txipren bizitako egoerak bezalakoen aurrean, europar legediak 100.000 eurorarteko kopuruak bermatzen ditu, eta diru kopuru hori baino txikiagoak ere zergapetu nahi izan zituen hasera batean Troikak. Atzera egin behar izan zuen. Kitaren zati handi bat Txipreko bankuetan dirua utzi zuten pentsio fondoek ordaindu beharko dute.
Txipren planteatu den irteerak ondorio tamalgarriak ekarriko ditu enpleguan eta biztanleriaren bizi eta lan baldintzetan, hori bai, banka salbatzen den bitartean. Urte askotan zehar gobernuaren ekintza baldintzatuko duen izugarrizko zor publikoa sortuko da, eta egiturazko murrizketa plan berri bat ezartzen zaio Europako Batasuneko beste estatu bati. Jarraitu beharreko bideak hauek dira: europar politikak (Troikarenak) errotik aldatu, eta zorraren herritarren auditoria prozesu baten ondoren, zor publiko bidegabearen ordainketa zalantzan jarri. Gobernuen jokabidea ikusita, argi dago mobilizazioa dela hau lortzeko bidea.
]]>Xabier Martin
Greba orokorra ez da ona, bistan da, langileen eta oro har gizartearen egoera gero eta degradatuagoa islatzen duelako. Ez da ona, sindikatuek —CCOOk eta UGTk ez beste guztiek— xake arriskutsua ematea erabaki dutelako, bost urteotako zortzigarren greba orokorra izango dena antolatzeak ekar diezaiekeen desgastea jakinda ere; horrek eman dezake egoeraren larritasunaren neurria, eta hori ez da «ona».
Greba orokorrera deitzea ez da ona patronalarentzat ere, Confebask negoziazio kolektiboan erakusten ari den jarrera itxia argiago ikusiko duelako gizarteak mobilizazio orokor baten argazki finkoan; «indarrean dagoen legedia» lehenetsita, uztailaren 7an jarri dute mira Miguel Anjel Lujua lehendakari duen erakundeak eta haren eratorriek; ez San Fermin egunean, PPren lan erreformak finkatzen duen hitzarmenen ultraaktibitatearen amaieran baizik.
Patronala tentazioan ez erortzea nahiko lukete langileek, urte askoan egindako «borrokaren fruituak» —ultraaktibitatea eta adostutakoa betetzeari uzteko enpresen ezintasuna, adibidez— ez galtzeko. Horregatik proposatzen dute sindikatuek erreformaren aurkako «blindajea». Baina Madrilek zerbitzatutako sagarrari kosk egiteko borondate irmoa azaldu du sarri patronalak.
Eta hori ere ez da ona lan harremanentzat, «lan gatazkak eta kaosa» bihurtzen dituelako sindikatuek ohartarazi dutenez. Hortxe greba orokorra esandakoa frogatzeko.
Halaber, esaldiak bota duenarentzat ez da ona greba deialdi hau. Aburto beraren eta haren gainetik Iñigo Urkullu lehendakariaren ezintasunak islatuko dituelako, iritsi berriei «bide okerrean» abiatu direla gogorarazteko. Patxi Lopezek Ajuria Enea oraindik ongi ezagutzen ez zuela probatutako botika hartuko du M30ean Urkulluk.
ELAk eta LABek erronka handia jarri diote beren buruei, edonola ere. Eztabaida erreibindikazioen esparrura ekartzea lortu behar dute M30eko atariko jokalekuan, askok grebaren desegokitasunaren estigmarekin zigortuko baitituzte. Aldi berean M30 egiteko arrazoiak inoiz baino hobeto azaldu beharko dituzte.
Luis Mari Lekuonak 58 urte ditu. Horietatik 43 lantokian lanean. Bera bezala badaude beste bat edo bi. Gehienak, ordea, berrogeitik behera dute. Okerrena 50 urte inguru horretan dabiltzanak.
Idoiak hiru seme-alaba ditu. Lanaldi partziala, sei ordu egunean, gauez. “Lanean gustura nenbilen. Lankideekin oso ongi moldatzen nintzen. Neukan ordutegiarekin bizitza antolatua nuen.”
Silviari gogoa senideengana joaten zaio; bikotea, senar edo emaztea, ama, aita... “Asko ari dira sufritzen. Gure gainean daude momentu oro, gutaz kezkatzen dira, gure ardura hartzen dute; baina, nor arduratzen da beraietaz? Gure karga beraien bizkarrean hartzen dute gu arintzenko; badute, ordea, karga hori non deskargatu ala gainean eramatera kondenatuak dira?” Garrantzitsua da zaintzaileak zaintzea. “Ezin ditugu inolaz ere ahaztu. Pila bat zor diegu.”
2013ko urtarrilaren 21ean, egun batetik bestera, jakin zuten langileek lantegia itxiko zutela. Harlauza bat gainera instant batean. Ustezko segurtasunak dardarka, bizitza proiektua haustear, antolakuntza suposatua anabasa bihurtua. “Ez dut oraindik asimilatu” dio Idoiak atsekabetuta.” Ezin halakorik espero urtero mozkinak ematen dituen lantegi batezn.
Pretty jaunak eman zien berria, urteko 550.000 dolar irabazten dituen gizonak. “Oso langile finak zarete” errepikatu zuen bost aldiz, “ez da zuengatik.” “Lantegi hau itxi egingo dugu.” Jasotzen duen dirutza izango da pertsonen sentimendu eta minetatik babesten duen koraza?
“Inurri sentitu nintzen; erraldoi batek eskuan noiz zapaldiko zain duen xomorro txiki” dio Zalduak. “Baina xomorroek, txikiak izanda ere, badakite borrokan, eta halaxe ekitea erabaki genuen.” Izugarria da hiru hilabetetan lortu dutena, urtarrilaren 25etik greba mugagabean hasi zirenetik. “Munstrotzarra ikaratu dugu. Ez zitzaion burutik pasatu ere egiten halako erantzuna jasoko zuenik. Multinazionalak Europan duen egoitza nagusiraino etorri gara, gure esku dagoen guztia egiteko prest gaudela argi jakin dezan. Puntazo bat izan da Alemaniaraino etortzea. Ez ginateke etorriko irabazi dezakegula sinistuko ez bagenu.”
Jose Angelek argi dauka: gu desegonkortzen saiatzen ari dira, baina geroz eta batuago gaude. Ezin diot galderari gehiago heutsi: jabetzen al zarete zuek, multinazionalaren zuzendariak, 74 familiri eragiten diezuen minaz? Hainbat pertsonengan eragiten duzuen sufrimenduaz ez al zarete jabetzen zergatik, eta, xoxa batzuk gehiago poltsikoratzeagatik?”
Hauek guztiak bideo kamera baten aurrean bota dituzte, terapia moduko batean. Barruak husteko modu egokia. Kamera aurrean esertzen denak, gorputzaren atal guztietatik jaurtitzen duen mezu bakoitzak hotzikara sortzen du grabazioa jarraitzen ari diren lankide guztiengan. Malkoei nola eutsi ez dakite batzuk, ez dute zertan jakin behar ere...
Nork ulertuko ditu hitz, bizipen, sentimendu horiek lankideek baino hobe? Bai, borroka kolektibo honetan, inoiz imajinatu gabeko konplizidadeak sortu dira. Harremana geroz eta estuagoak dira. Taldea asko sendotu da, eta sendotzen doa. “Borrokan gabiltzanak elkarri eusten diogu. Geroz eta konbentzituago gaude hartu dugun bideaz.” Okerren pasatzen ari direnak, gaizkien daudenak, ez borrokatzea erabaki dutenak dira. Horiena bai gogorra. Desertuko bidea zeharkatzeko bakardade gordina.
]]>Eguneko argazkiak hemen:
Ekitaldiaren momentu batean Zizrukilgo langileak oholtzara deitu dituzte:
Mikel Zabaletak Perot ez itxi! oihukatzen jarri du jendea:
Langileek goraino bete dituzte pilak!
]]>Lankideok, esaidazue: nor ez da behera etorri? Nork ez du, guzti hau, ezinezkotzat eman, nori ez dio bizitza pertsonalean era bat edo bestean afektatu?
Zer esan gure famili, lagun, herritar....zelakoak zareten!zuen presentzia gure babesa ere bada, eta bihotz bihotzez eskertzekoa. Esker mila denbora guzti honetan gure ekitaldi guztietan presentziaz edo zeuon buru horietan izan gaituzuelako. Lankideok, esaidazue: nor ez da behera etorri? Nork ez du, guzti hau, ezinezkotzat eman, nori ez dio bizitza pertsonalean era bat edo bestean afektatu? Ez, ez dugu ukatuko. Kontuan hartu, ez garela langileok bakarrik sufritzen ari gure azaletan, gure familiak ere hor daude. Gu....beraiek gara eta beraiek... gu. Ez dago eskubiderik gutako bakoitzaren lanpostuarekin era ziztrin horretan aritzeak. Gure lanpostuak, langileon eskubideak lortzeko, ahal dugun guztia eginen dugu eta ez dugu inolaz ere atzera egingo.
Iritsi gara, nekea nabari da gutako bakoitzean. Gosaldu ostean, gaurko ekimenari hasiera ematera goaz. Hor goaz, gure pankarta, kartel.... hau izugarria da. Inpotentzia, pena, amorrua nabari ditut neure barnean. Izugarrizko pabeioia dut bistan eta makinen soinua dut entzunen....GURE LANA !! Polizia, seguridadea....gu baina gehiago dira ta! Konzentrazioan gaudelarik, beldurra da nabari, beste era batera esanda akojonaturik daude. Alde batetik langilegoa, ezkutuan..agurra ematen digute, presio pean dihardute. Ta beste aldetik zuzendaritza....ez digute harrerarik eman, noski. Bai lantegiko komiteak eta I G Metall sindikatuak. Beraien laguntza, babesa eskertzekoak dira. Hitz batzu eskeini dizkigute, bertan egon dira konzentrazio amaierararte. Galderak , grabaketak....ura ekarri digute. Eguzki dugu lagun! Nekea dugu, goran aipatu dedan bezala. Pena merezi du egiten ari garen guzti honek, eta bizitza osoan izanen dugu gogoratu.
Goizeko 7rak dira, gaurko eguna ekimenez beterik dugu. Argi daukat, borroka dela bide bakarra eta ez dudala momentu bat ere galduko, gutako bakoitzaren lanpostu baten alde egiteko. Beno lagunok, zer esanen dizuet! Animo, eutsi goiari. Lortuko dugu, jarrai dezagun bide beretik, pausoz pauso. Ikus dezatela hor gaudela, eskubideen alde lan eginen dugula, familiak hor ditugula eta guztion artean lortuko dugula, ez diegula utziko gutako bakoitzaren bizitzarekin era horretara jokatzen.
Gaur gu, bihar edozein. Guztion artean lortuko dugu.
Mikel, Unai, Gabi...... izugarriak zarete. Eskerrak eman, ELA-ren izenean eman diguzuen aukera honengatik. Eskerrak eman, guregan izan duzuen eraginagatik, zuek barik, guzti hau , ezinezkoa izango zitekeelako.
Eskerrak eman, zuen famili horretan eskaini izan diguzuen eta eskeintzen ari zareten babes guzti horrengatik. Eskerrak eman, bidaia honetan aurretik aipatutakoez gain, inguruko lantegietatik eman diguzuen laguntzagatik. Gaur gu, bihar edozein. Guztion artean lortuko dugu.
ANIMO..........PEROT-EKO LANGILEOK EZ DUDU ETSIKO!
Irantzu.
]]>