Hizkuntza aldatu:
Gaztelera


Garapena:
Plazagunea.com
PROZESU SOBERANISTA ZIBIL ETA DEMOKRATIKOETAZ
2003 / 12 / 29
Manu Robles Arangiz Fundazioa

2003ko urriaren 14an Donostiako Miramar Jauregian ospatutako CSN eta ELA sindikatuen arteko bileran egindako hitzaldiak biltzen dira Dokumentuak saileko 14. zenbakian. Manu Robles-Arangiz institutua fundazioak argitaratuta hemen duzue liburuxka horren sarrera:

Sarrera gisa

Hausnarketa berri bat...

Leire Txakartegi

Gaur hemen gurekin dauden irakasleak ezagunak ditugu, ELArekin aurretik egindako zenbait lan direla medio. Hirurak Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak dira. Beraien ekarpenak garrantzitsuak izan dira gure hausnarketa politikoan.

Gaurko jardunaldian eskatu nahi dieguna prozesu soberanista eta zibil baten inguruan hausnarketa berritzen laguntzea da. Berritzen, eta gaurkotzen. Izan ere, behar beharrezkoa dugu koiuntura edo textuinguruan ditugun osagaiak kontutan hartzea, eta nola ez, batez ere Ibarretxeren proposamena. Ibarretxeren proposamena da momentu honetan agenda politikoa markatzen ari dena. Galdera bat egiten dugu: prozesu soberanista bat bultzatzeko tresna edo urrats baliozkoa izan daiteke? Zein baldintzetan?

Beraz, gaurko mahai inguru hau barne eztabaidarako interesgarria izan daiteke. Hala ere, sarrera gisa, eta kanpoko gonbidatuek klabe batzuk izan ditzaten (nahiz eta atzoko ponentzia politikoan ondo zehaztuta gelditu), egungo abagunea azaldu beharko litzateke laburki.

Azterketa hau egiteko urte asko joan gaitezke atzera. Ez da hori ihardunaldi honen asmoa. Hala ere, abiapuntu bezala esan dezakegu azken urte hauetan argi eta garbi geratu dela Estatutoa eta Nafarroako Foru Hobekuntzarekin hasitako ziklo polítikoa erabat agortuta dagoela. ELAk ere berea egiten du diagnostiko hau, eta 1997. urrian Estatutoaz zeukan jarrera berrikusten du eta marko juridiko politikoaren bukaera aldarrikatzen du. Bere garaian euskal gizartearen zati handi batek tresna egokitzat jo zuen marko hau, autogobernuan sakontzen joateko marko minimo bezala. Estatuarentzat, aldiz, marko maximoa zen, Estatuaren deszentralizazio administratibo soil baten barruan. Azken urte hauetan ildo hori jorratu du, eta bere esku dauzkan bide guztiak erabili ditu (hiru botere politikoak bakar batean nahastuz) bere ustez gehiegizkoak izan diren kontsezioak berreskuratzeko. Estrategia honetan Estatuko oposizio politikoarekin eta sindikalismoarekin burdinazko ituna dauka. Egungo marko juridikoa erabat ahulduta gelditu da, edukinik gabe (eta hor, gabezia nagusia lan eta gizarte edukinetan daukagu) eta bermerik gabe.

1998an aldi politiko berri baten hasiera suposatuko zuen Lizarra Garaziko Akordioa egin zen, Euskal Herriko indar abertzale eta aurrerakoien artean. Lehenengo aldiz indar hauek diagnostiko amankomunatua egiten dute Euskal Herriko egoerari buruz. Euskal Herrian oinarrizko gatazka politikoa dago, ikusmolde ezberdinak bait daude funtsezko premisa politikoei buruz. Euskal Herriak berezko subiranotasuna izateko eskubidea dauka edo soilik Estatutik eratorria? Nola definitzen da erabakitze esparrua? Zein hedapenekin?. Hau da, eritzi eta posizio ezberdinak daude erabakitze esparrua, subiranotasun sujetua eta lurraldetasunari buruz. Gatazkaren muina politikoa izanik, soluzioa ere politikoa izan behar da beraz, demokratikoa. Euskal herritarrek beraien etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea daukate, eredu politiko ezberdinen artean hautatzekoa, autodeterminazio eskubidea hain zuzen.

Lizarra Garaziko itunarekin hasitako fase polítiko hau ETAren tregua batek lagundu zuen.

Lizarra Garaziko akordioa akordio demokratikoa zen. Euskal esparru demokratikoaren onarpenak zekarren aldaketa politikoa, ordea, ez dute onartzen indar estatalistek. Horrek ituna parametro soberanistetara eraman zuen, Erkidegoko erakundeak kudeatzeko akordio polítiko batera. Hala ere, indar abertzaleak, ez ziren gai izan burujabetzarako gutxieneko edukinak adosteko eta praktika politikora eramateko. Urtebete eta hilabete batzuk pasa ostean, ETAk su etena hautsi zuen, eta Lizarra Garaziko akordioaren inguruan sortutako indar abertzaleen arteko elkarlanari amaiera eman zitzaion.

Hurrengo data seinalatua 2001eko maiatzaren 13.eko Euskal Autonomi Erkidegoko hauteskundeak dira. Estatuak bere erasoarekin jarraitzen du, eta estatu mailako kanpaina antolatzen du Erkidegoko Erakunde hauetara iristeko. Estrategia horrek porrot egin zion, ordea, eta EAJ-EA koalizioak 600.000 boto baino gehiagokin nabarmen irabazi zituen hauteskunde hauek. Era berean, Ezker Abertzaleak jipoia jaso zuen, 1999ko hauteskundeetako boto kopuru handia galduz. Momentu hartan EAJ-EA-ren egitarau politikoa bi puntu nagusitan oinarritu zen: elkarrizketa eta euskal gizartearen erabakitzeko eskubidean.

Gaur egun eztabaida politikoan daukagun Ibarretxeren Plana oinarri politiko hauen garapenerako eginiko Proposamen politikoa da.

Bitartean, Ezker Abertzalearen ordezkaritza politikoa ilegalizatua izan da, bide judiziala eta "ad hoc" eginiko salbuespenezko legea erabiliz. Horrela, azken udal eta foru hauteskundeetan abertzaletasunaren zati handi bat ordezkaritzarik gabe geratzen da erakundeetan, nahiz eta "baliogabeko" bozka asko jaso ilegalizatutako plataformek.

Eztabaidagai daukagun Ibarretxeren Proposamenari buruz zera esan dezakegu, behin betiko Textu Artikulatua aurkeztu aurretik:

Erkidegoko Erakundeen Ekimena izanik, baloratu beharreko lehen ekarpena eztabaida politikoa (benetakoa) zabaltzeko aukera ematen duela da, eta herri galdeketa eztabaida honen gune izatea.

Politikoki daukan baliorik handiena Hitzaurrea da. Euskal Herria nazio gisa onartzen da, eta autodeterminazio eskubidea aitortzen zaio.

Erabakitzeko ahalmen hau Euskal Autonomi Erkidegotik gauzatzen da, eta Estatuarekin bizikidetzarako itun berri bat proposatzen du, edukin eta berme berriekin. Hau da, konpromisoa hartzen da autodeterminazio eskubidea alde bakarretik ez betetzeko, eta modu esplizituan aitortzen da Estatuarekin negoziatzeko eta hi-tzartzeko prozesu bat hasteko obligazioa. Gai honetan Kanadako Auzitegi Gorenaren epai ospetsuaren tesiarekin bat egiten du.

Lurraldetasunari dagokionez, Nafarroa eta Iparraldeko egitura instituzionalen esku uzten dira herrialde hauekin izan daitezken harremanak.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrari ematen zaio erreferendum bidez galdeketa egitea arautzeko eta kudeatzeko ahalmena.

Itun berri hau Estatuarekin Atxekimendu Libreko Elkartea deritzanean gauzatuko litzateke, eskuduntzen banaketa berriarekin, eta berme sendoagoekin. Banaketa berri honetan, prentsara filtratutako textuan, (behinbetiko textu artikulatua ikusi behar da), lan eta gizarte konpetentziak mailarik baxuenean agertzen dira.

Prozedurari dagokionez, lege berria, Eusko Legebiltzarreko onarpena jaso ondoren, Espainiako Gorte Nagusietara bidaliko litzateke, Espainiako Gobernuarekin negoziazioa hasiz. Ondoren, euskal gizartearen gehiengoak erreferendumean onartu beharko luke Espainiako Estatuarekin lortutako Hitzarmen Politikoa, (edo horrelakorik ezean, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onetsitako proiektua), beti ere bortizkeriarik eta bazterketarik gabeko egoera batetan.

Proposamen hau Estatuko alderdiek erabat errefusatu dute, eta eztabaida politikoa Estatutoaren baliotasunean mantentzen saiatzen dira, geroz eta edukin eta berme gutxiago dituen Estatutoa, bestalde, Estatuaren erasoak areagotzen ari baitira.

Ezker Abertzalearen aldetik, hasierako ezezkotik abiatuta, alderdiaren bozeramaileek jarrera baikorragoa erakusten ari dira, adierazpen mailan behintzat. Horrela, Legebiltzarreko eztabaidan parte hartzeko asmoa adierazi dute. Era berean, herri galdeketa ardatz bezala hartuta, prozesuaren erritmoa, galdera eta lurralde artikulazioa adosteko eskeintza egin dute.

Proposamen honek sortzen dizkigun zalantzak ugariak dira, eta eztabaidarako puntu bezala har ditzazkegu:

1. Oraingoz aurkeztutako prozesua instituzionala da, Legebiltzarraren gehiengoarekin "jolastu" nahi da. Nola lortu nahi da marko berri batera eman nahi den jauzirako gizartearen zilegitasuna?
2. Zein kriteriokin egingo dira aliantza politikoak?
3. Nola gaindituko da Estatuaren ezezkoa?
4. Nola uztartzen ditu autodeterminazio eskubidea eta proiektu politiko jakin bat bozkatzea? Ahalbideratzen du besteen proiektu politikoak berdintasun egoeran gauzatzea?
5. Nola aurkeztuko da eskuduntzen behinbetiko banaketa? (...)

Galdera hauen erantzunek argituko digute Ibarretxeren proposamena benetako prozesu soberanista baterako tresna egokia den ala ez. Galdera hauek izan daitezke, baita ere, gero egingo dugun eztabaidaren abiapuntu.

Gaiaren alor ezberdinak azalduak izan daitezen, irakasle bakoitzaren mintzagaia nolabait zehaztu dugu, beti ere bakoitzak askatasunez jorratu dezan:

- Iñaki Lasagabaster: Ikuspegi juridikotik eginiko azterketa eta prozesuan Auzitegi Gorenak izan dezakeen eskuhartzea.
- Mikel Gomez Uranga: Gizarte eskuduntzak burujabetza prozesuan.
- Mario Zubiaga: Gizarte dinamika burujabetza prozesuan eta indar abertzaleen artean izan beharreko gutxieneko adostasuna.

Hiruei eskatuko genieke, ere, nahi badute eztabaidarako, nola ikusten duten ELAren papera prozesu guzti honetan, eta momentu honetan.

<<  Atzera