Itunpeko irakaskuntzako ordezkarien elkarretaratzea
Itunpeko Irakaskuntzako 150 delegatu inguru elkarretaratu dira urriaren 9an Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren ateetan helburu argi batekin, sektorearen finantzazioaren gehikuntzak Itunpeko Irakaskuntzako langileriaren lan baldintzak hobetzeko balio izan dezan Administrazioari exijitzeko, alegia. Homologaziorik gabe ez da posible izango inongo akordiotara iristerik eta mobilizazioak gogortzen joango dira.
ELA eta LABek, Ikastoletako sektorean eta Ekimen Sozialeko Ikastetxeetako (Itunpeko Sarean) sindikatu nagusi garenok, aipatu sareko langileriaren lan baldintzen hobetzea ahalbidetuko lukeen Finantzazio Akordio berri bat exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Aldaketa hori eman ostean soilik ekin ahal izango diogu, Negoziazio Kolektiboaren bidetik, hain garrantzitsu diren lanaldi lektiboa eta lansarien gaiak aztertzeari.
ELArentzat eta LABentzat akordio berri baten oinarrizko ildoak 2005ean sindikatuok eta Ikastolen sektoreko Patronalek (Partaide eta EIB) sinatutako “Dedikazio Akordioa” delakoan daude bilduta.
Patronalak (KRISTAU ESKOLA eta PARTAIDE) eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila negoziazio prozesuan daude. Baina Hezkuntza Administrazioak akordioa negoziatzeko helburuarekin ez du inolako harremanik izan orain arte ez ELArekin ez eta LABekin ere. Eta hori ezinbestekotzat jotzen dugun baldintza da.