LEP Osakidetza 2008
2008ko abenduaren 3an hasitako EPEak 2539 postu ditu, guztira, EAEko lurralde osoan. Postu horiek hainbat kategoriatakoak dira, baina kopuruari begiratuz gero, hauexek dira nagusiak: Osasun-diplomadunak (632 postu); fakultatibo medikoak eta teknikariak (557); osasun-teknikari laguntzaileak (338); administrazioko teknikari laguntzaileak (180); langileak (124), eta osasun-teknikari espezialistak (94). Horiez gain, beste kategoriak daude, eta 500 postu gehiago, baja begetatiboak betetzeko.

Dena dela, oraingo EPE hau oso urria dela salatu du ELAk. Administrazioak berak emandako datuen arabera, gaur egun 3506 postuko enplegu ezkutua dago, eta enplegu hori behin-behineko kontratazioaren bidez betetzen ari da. Baina kontratazio-mota hori prekarioa da, ez du egonkortasunik ematen. Osasun-zerbitzuari eutsi ahal izateko, langileak ahalegindu behar dira; baina nekez bete ditzakete egungo osasun-beharrizan guztiak.
Ondorioa: paperezko kalitatea.
Gainera, EPE hau arineketan abiarazi dute, aurreko EPEa oraindik amaitu barik, eta behin-behineko kontratazioko zerrendarik osatu gabe. Horrela, ondo agerian geratu da berriro Osakidetzaren kudeaketa txarra; baina bost axola zaie oposizio-egileei eragindako kaltea, bai diruz, bai nekaduraz. Ez dira konturatzen, antza, Administrazioarekiko mesfidantza sortzen ari direla horrela herritarrengan. Izan ere, jendeak gero eta urrunago ikusten du Administrazioa, gero eta arrotzago.
ELAtik nekatu arte errepikatu izan dugu plantilla handitu behar dela ezinbestez, handitze horrek zerikusi zuzena baitu kalitatezko osasun-eredu publiko batekin.