Hemen zaude: Manu Robles-Arangiz fundazioa Albisteak Azterketak 14, "Fiskaltasuna eta pobrezia EAEn 2008" argitalpena

Azterketak 14, "Fiskaltasuna eta pobrezia EAEn 2008" argitalpena

2009/04/30

Foru Aldundien 2008ko zerga bilketa aztertzen dugu txosten honetan, eta baita pobreziaren egoera ere. Fiskaltasunari buruz atera dezakegun ondoriorik garrantzitsuena, zera da, zerga bilketa nabarmen murriztu zela ekitaldi horretan, banaketa ere okertu zelarik. Presio fiskalak, 1998.etik mailarik baxuena pairatu zuen 2008an, hau da, hidrokarburoen gaineko zergak Hego Euskal Herrian biltzen hasi zirenetik mailarik baxuena.

Honen arrazoia ekonomi hazkunde motelagoa dela diote erakundeek, baina behin eta berriro errepikatzen diren zerga erreformek zerga bilketaren murrizketa dakarte. Adibide gisa, Sozietate
Zergaren bilketa izan da 2008an gehien jaitsi dena, adosturiko tipoen jaitsieraren ondorioz.
Presio fiskalaren bilakaera hau, justu, behar denaren aurkakoa da ekonomiaren moteltze egoera honetan, erakundeek ekonomiaren suspertzea bultzatu beharko bailukete, gizarte gastua gehituz; eta noski, horretarako diru sarrera nahiko eduki behar da.
Ekonomi hazkunde garaian, pobrezia ez dela murriztu ere ikusiko dugu txosten honetan, baita 2008an Eusko Legebiltzarrean onarturiko Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legeak ez
dakarrela aurrerapausorik ere. Pobreziaren kontrako politika eraginkorrik eza nabarmen geratzen
da honela, eta hau, zalantzarik gabe, Europako Batasunarekin alderatuz, Euskal Autonomi Erkidegoan dagoen zerga bilketa urriaren eta gastu sozial urriaren ondorio da.
Beste batzuetan ez bezala, txosten hau Euskal Autonomi Erkidegoko informazioarekin bakarrik burutu da, ez baitago Nafarroari dagokion informaziorik, edo oraindik ez baita hau
publikatu.
Gure instituzioek aplikaturiko politiken izaerari buruzko, eta hauen ondorioei buruzko hausnarketara gonbidatu nahi du txosten honek, eta baita politika hauen sakoneko aldaketa aldarrikatu ere, gaur, inoiz baino beharrezkoagoa dena.
Mikel Noval
Julene Gabiola
Iñaki Zabaleta